XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Literaturaren Istorio Anakronikoa (kapituluka)
Leizarragaren poetika baten kareoa: hastapenak.

Eman dezagun instant batez, etorkizunak beste bide bat erabaki zuen bezala, bere momentuan Joannes Leizarragak eraikitako eredu linguistikoari jarraitu ahal izan balitzaio, zer izango litzatekeen gaur egun gure euskaraz.

Une batez, sabinianoek eta ahaztu zuten bezala, Krutwigek proposatutakoari jarraitu izan balitzaio.

Nolakoa izango litzateke gaur egun idatzitako euskara?.

Bai; eta hire amak entendituko likek! Ez, baina utzi bukatzen.

Kultur hizkuntza izan nahi badu euskarak hizkera literarioan oinarritu beharra dauka, eta horretarako Leizarraga dugu eredurik onena.

Alemanera ere Luteroren obra gainean eraiki zen.

Eta? Alemanak bezalakoak izan behar al diagu? Zeatik ez Txirritaren lengoajearen gainean? Hori bai, hori euskalduna duk.

Ezagutzen diagu.

Baina, beste hori... nola esan duk izena zuela? Leizarraga? horrek egiten duen euskera beste lenguaje arrotzen kalkoa duk.

Ez duk jatorra.

Hori gainera frantses-euskalduna huen, ezta?.

Halaz eta guztiz ere esanen nizueke ezen gauza bat dela populismoa eta populatxoaren hizkeran izkiriatzea, eta beste bat arras diferentea, hizkera kulto batean aritzea.

Zehatz mehatz.

Entelekiaren barruan sartu eta esan behar dena nahi den bezala esanez.

Eta Txirritak ez al zian ba hori egiten?.

Dena den jo dezagun Txirritak Testamendu Berria itzuli behar duela: ematen al dio bere euskarak horretarako adina? Txirritak zertarako behar zian Testamentu berri hori traduzitu? Lelotzen hasia al haiz edo?.

Edota ikus dezagun Aresti T. S. Eliot-en poemak erabiltzerakoan: ze hizkera hartzen du literatur eredutzat? Leizarragarena.

Zertarako behar diagu ordea Elioten poema bat? Ez al diagu nahikoa Bilintx eta Etxahunekin? Beti igual.

Auzokoa beti ona.

Etxean zer dagoen begiratu ez eta auzora jo gauzen bila.

Esatea ere alferrik duk.

Gaia aldatuz, eta mamian sartuz, gauza bat ekarri nahi nuke gogora, Euskal Herrian San Ignacio bat sortu ez balitz noraino helduko zuen Leizarragak botatako haziak? Kontrarreformarik sortu ez balitz, ez al ginateke libreagoak izango protestantismoaren liberalismoan hezita? Hi, baina ez al genion esan Constituzioari ezetz? Geurea ruptura zen, ezta? Zertara hator beraz Estatutoarekin?.

Ez, ez, errealista izanik zera ikus daiteke, San Ignacioren dotrinak atzeramendua besterik ez diola ekarri Euskal Herriari.

Zenbat kontzientzia larritu ditu gure soldaduak? Beldurra sartu zuen euskaldunen kontzientzian bere ezpatarekin.

Zenbat Arzallus, zenbat Mario Fernández sortu dira haren ondorioz? Beira, horretan arrazoia ematen diat, ez ninun orain arte hortaz konturatu.

Areago esanen nuke oraindik, jakina denez Iruñeko sitioan gertatu zen zauritua San Ignacio, baina inoiz aipatzen ez dena da sitio horretan Castillako erregearen alde ari zela San Ignacio euskaldun nafarren kontra.

Hain zerriya izan al zen Saninaziyo? Arrepentitua, edo konbertitua edo hori izateaz gainera kontra egin al zigun borrokan?.

Horregatik nioen lehen hobeto ibili ahal izango ginela San Ignacioren dotrinari jarraitu izan beharrean.

Leizarragaren mamiaz ohartu izan bagina.

Baina Leizarraga horrek zeinen kontra egin zian borroka?. Periko Krubitxeta eta Guanito Txamartin.